XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Bildurra jabetu da nigan.

Urduritasuna sentitzen dut, ene gorputzaren azken muturra daldarka ari bailitzan.

Ardi izaera galdu dut, orain pertsona bat naiz.

Ikaragarria.

Mundu beldurgarri eta erasokor batetan natza bakarrik, abandonaturik...

Milaka langile diharduten lantegi erraldoi batetan lanegiten dut.

Batzu ezagutzen ditut, gehienak ez dakit nor diren.

Ene burua zenbaki bat bainitzan aurkitzen dut.

Halere, ezezagunek ez naute arduratzen, lanegiten dudan bulegoko aintzindariak baizik.

Gaur ere aurpegi txarra ekarriko du... bai, ziur baietz!

Astelehenetan beti horrela etortzen da.

Egunen batean, kristorenak erranen dizkiot, bai, burura datozkidan guztiak.

Horrela ikasiko du norekin ari txantxetan!

Zer uste du zerri horrek, nik ez dudala sentimendurik?

A! Ezin diot deus erran.

Nola erran niezaioke ezer, lanetik bidalduko nindukete eta?

Lehengoan erran ziguten sekzioan bi sobra ginela, oraindik ez dakigu nor, baina seguruenik niri ez zait tokatuko.

Andres eta Gerardo utziko dituzte lanik gabe.

Bai, ziur baietz! Horiek dira denborarik guttiena daramatenak...

Baina, nola pentsa nezake hain hotz eta lasai ene lagunen ogibidea zalantzan badago?

Nirekoi mixerable bat besterik ez naiz, lotsa sentitu beharko nuke nirekiko.

Baina zer egin nezake?

Nirea al da horiek lanetik botatzearen errua?

Ni ez naiz nagusia eta ez dago nire eskutan ezer egitea.

Agian... denok elkartuko bagina, zerbait lor genezake... ez lituzkete kanporatuko.

Ez da nire kontua.

Hobe isilik geratu eta ene lanpostua mantentzen badut, denek hori egiten dute...

Ba! Kontu hauek ahanztea hobe dut.

Lanorduak bukatzean txirringaz ibiltzera joanen naiz, apur bat lasaitu eta gero, ederki afaldu eta maitearekin egotera.

Itxarok bakarrik ulertzen nau behar bezala.

Bai neska atsegina! Berari kontatuko dizkiot kezka guztiak.

Beti bezala ez da ados egonen baina ulertuko nau.

Nola! Lehengoan ez genuela elkarrekin jarraituko erran zidan...

Ezinezkoa da! Hainbeste urte iraun ondoren, ezin daitezke harremanak egun batetik bestera hautsi.

Ziur konpontzen direla ustekabean.

Ez! gauzak garbi geratu ziren.

Kontu horrek ez du itzulerarik, bukatu zen.

Ez zuela nirekiko ezer sentitzen erran zidan, nire nortasuna ez zela erakargarria, zerbait desberdina bilatzen saiatu nahi zuela...

Gurasoengana joan beharko dut egun batzu pasatzera...

Izerdi patsetan nago.

Zer pasatzen da?

Honelakorik ez zait inoiz gertatu, nor naizen ere ez baitakit.

Aurrenik non nagoen asmatu behar dut.

Iluntasuna.

Ez da entzuten soinu izpirik ere inondik.

Zer gertatu zait?

Ardia nintzen eta gizona bilakatu naiz?

Beraz, egia ote hilda ondoren beste bizia badela eta gizona izan aurretik animaliak izanak garela?

Eta alderantziz balitz? beharbada ardia ninteke... Ez! Ardia izatea ezinezkoa da.

Ardiek ez dute pentsatzen.

Bildur naiz...

Ez dut hemendik mogitu behar.

Argiarekin dena konponduko da.

Ziur amets bat besterik ez dela hau dena.

Edo... beharbada, hemen naizela ere gezurra da eta ene pentsakizun guztiak ez dira esistitzen.

Agian, maitasuna, bildurra, gorrotoa, zoriona, amodioa eta bizitza bera ere amets luze bat besterik ez dira.

Patxi Larretxea Assura.